DV. Atzo Euskaren Eguna ospatu genuen eta honen ildotik arratsaldeko zazpietan udaletxean izan zen bileran Urretxuko hizkuntza-politika hobetzeko konpromisoa sinatu zuen udalak.
Aurkezpenean hitzarmenaren dokumentuan jasotzen diren gora beherak jakinarazi zizkiguten Kontseiluko arduradunek.
Haien ustez Euskararen normalizazioa lortzeko ezinbestekoa da elkarlana ematea administrazioetako arduradun politikoen eta euskalgintzaren eragile sozialen artean, eta Kontseiluak beti egin duen moduan, udalen hizkuntza-politikaren ebaluazioaren dinamika ere izpiritu horretan kokatu nahi dutela argudiatu zuten.
Helburu horri begira, Kontseiluak bultzatutako lan dinamika hau babestuko lukeen elkarlan mailako konpromisoa hartzea eskatu dio Urretxuko udalari.
Hala, Urretxuko udalbatzak Kontseiluarekiko hitzarmena sinatzea adostu du.
Hitzarmen honen bidez, Urretxuko udalak honako konpromisoak hartu ditu: Udalak bere hizkuntza-politikaren ebaluazioa babesten du, eta bere aldetik beharreko laguntza teknikoa eskaintzeko borondatea adierazten du.
Euskara neurtzen
2005 urtean Kontseiluak udalen hizkuntza-politikaren inguruko lan-ildo berezitu bat abiatu zuen. Egitasmo honen oinarria hizkuntza-politiken ebaluazioa dugu eta horren bitartez udal administrazioen lanean eragin nahi du Kontseiluak, euskararen normalizazioaren bidean ahalik eta pausorik eraginkorrenak eman daitezen. Hortaz, lan-ildo honek hizkuntza-politiken neurketa du abiapuntua, ondoren politika horietan aldaketa positiboak lortzeko dinamika bat sortzeko helburuarekin.
Neurketaren lehengo fasean 66 udalerrien neurketa egin zen: 10.000 biztanletik gorako herri gehienetan. Oraingo honetan, 1. neurketa hori herri gehiagotara, 10.000 biztanletik beherako herrietara zabaltzen ari dira; aurrerago 2. neurketa batek herri horien hizkuntza-politikaren eboluzioa erakutsiko du.
Neurketa Urretxun
Urretxuko nota 6,35 puntukoa da.
Rankig orokorrean Euskal Herri osoan orain arte aztertutako herrien artean, Urretxu 23. geldituko litzateke; Gipuzkoan aztertutakoen artean 18. postuan. Inguruko herriekin alderaturik eta Kontseiluak egokitu berri dituen haztapenen arabera, Urretxuko udalaren hizkuntza-politika Legazpiko eta Zumarragako udalen artean kokatuko litzateke, hurrenez hurren, 7,36 eta 5,41 puntuazioaren artean. Neurketak herri baten hizkuntza-politika eskala batean kokatzeaz gain, beste herrien politikarekin alderatzeko aukera ematen du.
Alde horretatik, elementu positibo batzuk aurkitu dituzte Urretxuko udalaren hizkuntza-politikan, baina euskara lehenesteari begira hobetu beharreko hainbat kontu ere ba omen dira. Honakoan besteak beste:
«Garapen moduan, hainbat arlotan arau orokorrak egon beharko litzateke, segurtasun arau-emailea sortzeko eta etorkizunean desbideratzerik ez gertatzeko, hala nola: hizkuntza paisaiari dagokionez (udalaren zein udalak diruz lagundutako taldeen errotulazioaz); udalak diruz lagundutako hedabideei dagokienez (nolakoa izan behar duen horien erabilerak); langile berrien kontratazioei dagokienez; udalari zerbitzu juridiko edo teknikoa eskaintzen dioten enpresei dagokienez». «Udalaren funtzionamenduari dagokionez, herritarrari euskarazko zerbitzua eskaintzea ahalbidetzen duen plangintza diseinatzea eta hori bete dadin epeak ezarri behar dira».
«Maila zehatzetan, euskara lan-hizkuntza duten eta Erabilera Planean sartuak dauden udal-sail edo atalen kopurua handitu behar du. Lan-munduan erabilera sustatzeko egitasmoak ezarri beharko lirateke»; azkenik «aisialdiaren esparruan, helduen artean praktika handia duten kirolak euskaraz eskaini beharko lirateke».
Egindako ebaluazioa oinarritzat harturik, administrazio honen hizkuntza-politikan egon daitezkeen gabeziak konponbidean jartzeko konpromisoa hartu zuen atzo Urretxuko udalak.