EIBAR. DV. Bidegileak da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailak argitaratzen duen bilduma baten izena. Bertako azken aleen artean, Fernando Muniozgurenen biografia dago. Euskararen bidegile izan zen bera eta horregatik, gaur arratsaldean bide honen beste pausu bat emango da Portalea kultur etxean. Bertan egin zuen lan euskara teknikari moduan eta gaur bere lanari buruz hitz egingo du Iñaki Arrutik, euskara teknikaria ere eta Fernandoren laguna.
Fernando Muniozguren 1950 urtean jaio zen Eibarren eta 2006 urtean hil zen. Tartean, lan zabala egin zuen euskalgintzan, bai Eibarko Udaletxeko euskara teknikari bezala, bai herritik kanpo ere. Ondo daki hori gaur Eibarren egongo den Iñaki Arrutik, Lasarte-Oriako euskara teknikaria dena. «Alde batetik dago Udaletxeko lanaren barruan egindakoa. Nahiz eta gaia euskara izan, gero euskara ez da airean geratzen, konkretatzen da familian, etxean, eskolan edota aisialdian. Lan honen barruan, azpimarragarria da hizkeraren inguruan egindako lana. Eta baita ere komunikabideetan Fernandok egindako lana. Gogoratu behar da ...eta kitto! udalean sortu zela aldizkaria bezala».
Iñaki Arrutiren liburuak Fernando Muniozgurenen lana aurkezten du, baina ez udaletxekoa bakarrik. Eibarren alde batetik baina herritik kanpo ere, lan nabarmena egin zuen. «Fernandoren lana garrantzitsua izan da dinamika soziala lantzeko orduan. Alde batetik, ...eta kitto! Euskara Elkartearen bidez, baina baita ere Badihardugu elkartean» aipatzen du Arrutik.
«Agian Eibartarrek ez dute hain ondo jakingo baina Eibartik kanpo egindako lana ere badu bere garrantzia» jarraitzen du biografiaren egileak. «Lan hauen artean bat nabarmentzeko, euskara elkarteen Topagunean egindako lana dago. Bera izan zen lehenengo lehendakaria. Hasieran gauza txikia izan zen eta Fernandori tokatu zitzaion lehen bi edo hiru urteetan guztia egitaratzea, elkarteekin harremanetan jartzea, hori guztia jakinaraztea... lanik zailenetakoa eta oso azpimarragarria dena».
Gaurkotasuna
Aipatzekoa da Hizkuntza sailak Fernando Muniozgureni atal bat eskaini izana. Bidegileak bilduman agertzen diren pertsonai asko orain dela urte askotakoak dira. «Kasu hau lehenetakoa da, hil berritan egiten zaiona» aitortzen du Iñaki Arrutik. Horrek gaurkotasuna ematen dio euskaltzain eibartarraren biografiari.
«Bere ezaugarrietako bat, lanpostuarena da, euskara teknikariarena. Orain dela laurogei urte ez zegoen horrelakorik, administrazio mailan nahiko lanpostu berria da» onartzen du. «Horregatik, Fernando bada euskara teknikarien lehendabiziko labekada horietakoa». Horrek ez zuen bere lana erreztu. Eredu bat ez izateak zailtasun bat izan zen lehen urteetan, baina idazlearen iritziz, ondo baino hobeto gainditu zuen Muniozgurenek. «Lan eredugarria egin zuen, aintzindaria izanez».
Hil eta gero Fernando Muniozgureni egin zitzaion homenaldiek jarraipena izango dute gaur, Eibarko Udalak eta ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako ekitaldian.