DV. Susa argitaletxeak 25 urte bete ditu. Lehentxeago jaiotako izen bereko literatur aldizkariko lagunek jarri zuten martxan 1983an. Eta orain, urtemuga ospatzeko, ekimen berezia aukeratu dute: Aspaldiko lagunen bisita liburua argitaratu dute, non aspaldiko Susa aldizkari hartan plazaratutako 25 ipuin bildu dituzten, gehienak 80ko hamarkadakoak.
Susa literatur aldizkaria 1979an jaio zen, abenduaren azken egunetan. Eta azken alea, 33.a, 1994ko abenduan kaleratu zen. Ibilbide luze horretan, berrehun bat ipuin plazaratu zituen, eta oraingo antologia honetarako 25 aukeratu ditu Mikel Elorza apailatzaileak.
Idazle hauen lan bana irakur daitezke Aspaldiko lagunen bisita-n: Mikel Reparaz (1975, Iruñea), Amagoia Gurrutxaga (1971, Matxinbenta), Jon Baltza (1964, Tolosa), Joseba Urizar (1964, Elorrio), Pako Aristi (1963, Urrestilla), Juan Luis Zabala (1963, Azkoitia), Mikel Antza (1961, Donostia), Jon Arano (1961, Itsasondo), Kanko Ispizua (1960, Busturia), Josu Landa (1960, Altza), Eneko Olasagasti (1960, Donostia), Iñaki Uria (1960, Zarautz), Itxaro Borda (1959, Baiona), Mikel Hernandez Abaitua (1959, Gasteiz), Jose Luis Otamendi (1959, Azpeitia), Mikel Un-tzilla (1959, Zumarraga), Pablo Sastre (1958, Madril), Maripi Solbes (1958, Irun), Iñaki Uriarte (1957-2004, Bilbo), Joserra Utretx (1957, Forua), Joxean Sagastizabal (1956, Eibar), Xabier Montoia (1955, Gasteiz), Edorta Jimenez (1953, Mundaka), Jose Luis Orokieta eta Pepe Zulaika.
Azkeneko bi idazle horien arrastorik ezin izan dute atera Susa etxekoek. Besteei dagokienez, batzuk ibilbide luzea egindakoak dira, literaturan edota kazetaritzan. Mikel Elorza apailatzaileak irizpide hauek erabili ditu, atzo esan zuenez: «Batetik, gero liburuetan sekula argitara eman gabeak izan behar zuten ipuinak; eta autore bakoitzetik bat, gehienez. Adibidez,Xabier Mendigurenen lanik ezin izan dugu hartu, tamalez, liburuetan publikatuak baititu».
«Gehien gustatu zaizkidanak aukeratu ditut -jarraitu zuen Elorzak-. Hemen helburua ez da nostalgikoa izan, edota arkeologikoa. Literatur lan onenak aukeratzen saiatu naiz. Estilo askotako ipuinak daude. Ikusi dut ipuin horietan bazegoela literatura ausarta, literatura klasikoagoa, literatura urbanoa, literatura freskoa...».
Argitaletxeak gaurko ortografiara ekarri ditu idazlan horiek. Idazkeek apenas ukitu dituzten; «hitz bat edo beste, gehienez», esan zuen apailatzaileak. «Ibilbide ez- -ohikoa egin dute ipuin hauek: lehenbizi paperean argitaratu ziren, gero Interneten jarri genituen (Literatur Aldizkarien Gordailua) eta orain paperera egin dute salto berriz ere.